XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

12. OHITUR NOBELA

SARRERA

Euskal nobelaren azterketa garatzerakoan, gogora datorkigun lehenengo arazoa hauxe da: euskal nobelaren guztizko BEREIZTASUNA.

Badirudi euskal nobela, bai kopuruz bai kalitatez, besteak baino txarragoa dela.

Literatura garatuetan ere, nobela mota edo tankera berankortzat hartu ohi da, beste literatur-moten aldean olerkia, epopeia, antzerkia.

Hala izanik, ez da harritzekoa gurean are beranduago sortua izatea.

Euskal literaturaren bereizgarririk garrantzitsuenetako bat, beste literaturen aldean, bere BERANKORTASUNA baldin bada, berankortasun hori oso apartekoa da nobelaren mailan.

Europako literatura nagusienei dagokienez, XIX mendea da nobelarena.

Euskaraz, aldiz ez dugu nobelarik, praktikoki, XX. mendera arte.

XIX. mendearen azken urteetan koka dezakegu euskal nobelaren sorrera.

Mogelek 1802an idatzi zuen Peru Abarka nobelatzat hartzen badugu ere, mende horren bukaera arte, 1881 arte, argitara gabea egon zenez, urte horietan jarri behar dugu euskal nobelaren abiapuntua.

Euskal literatura bezala, elaberria ere berankorra eta urria izateaz gain, kalitatez ere ez da hain ona izan, literaturaz kanpoko helburuen zerbitzutan egin izan delako, kasu askotan.

Euskal nobela euskararen egoerak baldintzatzen du eta euskararen egoera eta bilakaera gizarte aldaketen ondorioa da.

Testu askoren sorbidea eta helburua linguistikoa da, literarioa baino askoz gehiago, hizkuntzaren zerbitzari bilakatzen delarik.

Hala eta guztiz, bada euskal nobelistika bat, euskaraz idatziriko testu multzo bat.

EUSKAL NOBELAGINTZAREN HASTAPENAK. OHITUR NOBELA

Garai honetan baserritarren eta arrantzaleen bizitzara mugatzen den ohiturazko nobela nagusituko da euskal literaturan.

Nobelaririk hoberenak tesikerian erortzen dira, literatur balioak galduz.

Egilearen eskua nonnahi ikus daiteke.

Pertsonaiak abstraktoegiak dira, onak onegiak, txarrak txarregiak.

Ohitur-nobeletan inguruko pertsonen ohitura, jokaera eta abar adierazten dira.

Baina egunerokotasun horren kontaketa idazlearen ideiak, sentimentuak edo aurreiritziak botatzeko aitzakia baizik ez da izan.

ELABERRI DIDAKTIKOA izan da, gehienetan, ohitur-nobela, labur esateko.

Gainera, konta-teknikei buruz, ohiturazko nobelaren ezaugarririk nagusienetako batzuk izan daitezke adibidez: KONTALARI GUZTI-JAKITUNaren erabilera.

Kontalari honek ez du kontatu bakarrik egiten, bere iritziak ematen ditu eta liburuaren mezua oinarritu eta gogortu ere egiten ditu.

Gainera, trama edo irazkia oso ttipi delarik, nobela ESTATIKOA dugu, bere tankera deskriptiboagatik.